[ << ] [ >> ]           [Top] [Contents] [Index] [ ? ]

5. Fitxategiak kargatzea eta gordetzea


5.1 Onartutako fitxategi-formatua

Hemen onartutako fitxategi-formatu gehienak aipatzen dira, dagokien konpresioei buruzko oharrekin batera. Hemen aipatu ez diren beste formatuak ere karga ditzakezu.

Fitxategiaren formatuak badu eraginik Cinelerra-k berarekin zer egiten duenarekin. Muntatze-erabakien zerrendak, XML formatukoa, proiektuaren ezarpenak gordetzen ditu. Multimedia duten formatuak, baina muntatze-erabakirik ez dutenak, datu gisa gehitzen zaie pistei. Zure proiektuaren lagin-tasa 48 KHz bada, eta kargatzen duzun soinu-fitxategia 96 Khz-koa bada, 48 KHz-rekin erreproduzituko duzu. 96KHz duen EDL-a (muntatze-erabakien zerrenda) kargatzen baduzu eta uneko proiektuaren lagin-tasa 48 KHz bada, 96KHz-tara alda dezakezu.

Fitxategi-formatu batzuk oso motelak dira denbora-lerroan bistaratzeko. Hauek normalean konpresio altua edukitzen dute. Konpresio altuko bideoaren koadro-txikiak denbora-lerroan bistaratzea oso motela izan daiteke. Desgaitu koadro txikiak Marraztu multimedia erabiliz eragiketak bizkortzeko.

manual_images_en/track_attributes

Pistaren atributuak

Unean onartutako fitxategi-formatuako honakoak dira:


5.1.1 Quicktime

Quicktime formatua UNIX sistemetako estandarra ez izan arren erabil daiteke, ongi dokumentuatuta baitago. Interneten dauden Quicktime formatuko filme guztiak konprimituta daude. Cinelerra-k konprimitutako zenbait Quicktime filma onartzen ditu. Quicktime formatuko filma bat kargatzean Cinelerra kraskatzen bada, formatua ez dagoela onartuta adierazi ohi da.

Quicktime formatua bi korronteen ontzia da: bideo-korrontea eta audio-korrontea. Korronte hauek kodeketa-eskema desberdinak erabiliz konprimitzen dira. Quicktime-ren kodeketa hobetsia MPEG-4 da, bai bideoarentzako bai audioarentzako. Formatu hau Windows sistema eragileko erreproduzigailu komertzialekin bateragarria da, konpresio-kalitate ona du eta irteerako kalitatea ere ona da. Konpresio hobeagorako erabili H-264 bideoa. Zoritxarrez, H-264 dekodetzea hain motela denez tamaina oso handiko fotogramak ezin ditu erreproduzitu.
Cinelerra-k estandarrak ez diren bi kodeka onartzen ditu: MPEG-4 bideo bikoitza eta H.264 bideo bikoitza. Cinelerra eta XMovie aplikazioekin soilik erreproduzi daitezke. Fotogramak bi eremuetan zatitzen diren filmeetan soilik erabiltzen dira, eremu bakoitza sekuentzian erreproduzituz. Kodeka bikoitzek bi bideo korronte tartekatzen dituzte errendimendua hobetzeko erreproduzigailuan aldaketa nagusirik eskatu gabe.


5.1.2 MPEG-4 audioa

Audioaren kodeka gisa, Quicktime MPEG-4 audioaren bezalakoa da.


5.1.3 Irudi-sekuentzia

Irudi-sekuentzia bat errendatzea ez da irudi bakar bat errendatzea bezala. Irudi-sekuentzia bat errendatzean Cinelerra-k fitxategien edukiaren taula sortzen du eta irudi-fitxategi desberdin bat sortzen du denbora-lerroko posizio bakoitzarentzako. Errendimendua hobetzeko, edukiaren taula karga daiteke banakako irudiak kargatu ordez. Irudi-sekuentzian onartutako irudi-formatu desberdinak ezagutzeko jarraitu 'sekuentzia finkoa' atala irakurtzen.


5.1.4 Sekuentzia finkoa


5.1.4.1 Sekuentzia finkoa kargatzea

Irudi bakarra errendatzeak denbora-lerroko posizio bakoitzeko irudi-fitxategia gainidaztea eragiten du. Ez da edukiaren taularik sortzen. Kargatutakoan irudiak fotograma baten luzera hartzen du. Irudia ikusteko, zooma handiagotu denbora-lerroan eta fotograma bakarra ikusiko duzu. Irudiaren luzera zabaltzeko, arrastatu ezazu bideo arruntarekin egiten den bezala. Irudi-finko bat nahi adina arrastatu dezakezu. Irudiak luzera infinituraino arrasta daitezke Cinelerra-n.
kargatutako irudiaren hasierako tamaina zehaztea uzten dizu Cinelerra-k. Parametro hau Irudiak ataleko Konfigurazioa -> Hobespenak -> Grabazioa menuan ezar daiteke.
Zure jatorrizko materiala ez badator euskarri digitaletik (argazki kamera digital bat adibidez), aurrenik klipak euskarri digitalera bihurtu edo kapturatu beharko dituzu.
Argazki zaharrak, paperezko mapak, marrazkiak edo diagramak euskarri digitalera bihurtzeko eskanerra erabil dezakezu, emaitzak PNG, TIF, TGA edo JPG formatuetan lortuz. Nahi baduzu, GIMP aplikazioa erabil dezakezu irudiak ikutzeko, hondatutako areak garbitzeko edo klipen kolorea konpontzeko.
Zure klipak iturburu digitaletik (kamera digitala edo pantailaren kaptura) badatoz, ziurtatu materialek bereizmen onena erabiltzen dutela. Horrela, irteerako kalitate onena lortuko duzu Cinelerra proiektuarekin.


5.1.4.2 Irudi-finkoen tamaina

Garrantzitsua: inportatutako irudiak beti egoten dira jatorrizko tamainarekin. Kontutan eduki beharko duzu Cinelerra-n zehaztutako bideoaren aspektu-erlazioa, eta eskalatu irudiak Cinelerra-ra inportatu aurretik.
Adibidez, PAL moduko irudien aspektu-erlazioa 4/3 da, baina 720x576 pixel 5/4 dira. Inportatutako irudiak zuzen bistaratzeko, beraien tamaina horizontala eskalatu behar duzu:
tamaina horizontal berria=(5 / 4) / (4 / 3) x jatorrizko tamaina horizontala
PAL bideoetan irudien tamaina horizontala bidertu behar da 0.9375 koefizientearekin.

Ondoren, komando-lerroko script txiki bat idatzi da jpg formatuko fitxategiak dituen karpetan exekutatu eta bertako irudiak tamainaz aldatu eta irudi berriak `eskalatuak' karpetan gordetzen ditu:

#/bin/sh
mkdir -p eskalatuak
for elementua in `ls . | grep jpg`;
do
    tamaina=`identify ${elementua}`
    zabalera=`echo ${tamaina} | sed '+s+.*JPEG ++' | sed '+s+x.*++'`
    altuera=`echo ${tamaina} | sed '+s+.*JPEG [0-9]*x++' | sed '+s+DirectClass.*++'`
    let zabalera_berria=${zabalera}*9375/10000
    convert -resize ${zabalera_berria}x${altuera} -quality 100 ${elementua} eskalatuak/${elementua}
done

5.1.4.3 Open EXR irudiak

Baliteke zuk ezer ez jakitea Open EXR-i buruz. Formatu honek koma mugikorreko GBU irudiak gordetzen ditu. Horretaz gain, konpresio kopuru txikia onartzen du. EXR formatura errendatuko duten proiektuek koma mugikorreko kolore-ereduan egon beharko lukete, EXR See section Proiektuaren atributuak-en onuren abantailak eskuratu ahal izateko. EXR-ek hainbat konpresio aukera ditu erabilgarri.

Hautatu Erabili alfa proiektuaren kolore-ereduak alfa kanala badu eta fitxategian edukitzea nahi baduzu. Bestela, kolore primarioak alfa kanalarekin bidertzen dira.


5.1.4.4 Kamera digitalen irudi gordinak

Kamera digitalaren irudi gordinak (RAW) mota bereziko irudi-fitxategiak dira, Cinelerra soilik inporta ditzakenak. Behin denbora-lerroan kokatuta daudela koma mugikorreko kolore-espazioan soilik prozesa daitezke. Canon hornitzailearen irudi gordinak bakarrik probatu dira. Gamma efektua aplikatu behar zaie gamma zuzentzeko. Irudi gordinak denbora luzea behar dutenez interpolatzeko, aurrenik proxy fitxategian ikusten dira, eta gero ikutzen dira.

Lehenbizi aplikatu Gamma efektua irudi gordinen pistari, eta ezarri hau automatikoa 0.6 gamma-rekin. Ondoren, errendatu denbora-lerroa Quicktime JPEG fitxategira. Erantsi Quicktime JPEG fitxategia pista berri batean eta desgaitu pista zaharra erreproduzitzea. Orain gamma zuzenduta duen irudi gordin bakoitzaren kopia nahiko azkar aurrikus daiteke denbora-lerroko jatorrizko irudiaren posizio berdinean.


5.1.5 AVI

AVI (Audio-Video Interleave) ontzia hainbat pusketatan dagoenez, hainbat audio eta bideo kodekekin, ezin izango dituzu AVI formatuko fitxategi guztiak erreproduzitu.


5.1.6 Bideodun MPEG fitxategiak

Bideoa duten MPEG fitxategiak zuzenean karga daitezke Cinelerra-n. Fitxategiaren formatua onartuta badago, edukiaren taula eraikiko da. Fitxategia ez badago onartuta, normalean kraskatu egiten da, edo pista oso txikiak erakusten ditu. Zoritxarrez, MPEG fitxategiak kargatzeko metodo hau ez da nahiko ona fitxategiak errendategi batean erabiltzea nahi badituzu.
MPEG fitxategiak errendategi batean erabiltzeko, aurrenik mpeg3toc tresna exekutatu behar duzu fitxategiaren edukiaren taula sortzeko eta gero kargatu edukiaren taula. 'mpeg3toc' tresnak MPEG fitxategiaren bide-izen absolutua behar du. Ez baduzu bide-izen absolutua erabiltzen, MPEG fitxategia Cinelerra exekutatzen den direktorioan kokatuta dagoela suposatzen du mpeg3toc tresnak.
MPEG korronteak pista anitzetan egituratuta daude. Pista bakoitza bideoa edo audioa izan daiteke. Audioaren pista bakoitzak 1-6 kanal izan ditzake. Cinelerra-k audioaren kanal bakoitza pista batean bihurtzen du.

MPEG bideoa kodetzeari buruzko oharrak:
MPEG bideoaren kodeketa MPEG audioaren kodeketatik bereiztuta lantzen da. MPEG bideoan bi kolore-eredu daude. YUV 4:2:0 kolore-eredua kodetzeko mpeg2enc tresnaren bertsio oso optimizatua erabiltzen da. Mpeg2enc tresnak kontsumorako elektronika estandarrentzako aurrehautaketak ditu. 'mpeg2enc' tresna optimizatzeko prozesuan, YUV 4:2:2 kodeketa kendu zuten. YUV 4:2:2 kolore-eredua gutxiago optimizatutako mpeg2enc tresnarekin kodetzen da.
YUV 4:2:2 kodeketa mantendu egin da DV bideoaren NTSC bertsioak kalitate asko galtzen baitu YUV 4:2:0 kolore-eredura bihurtzean. DV bideoa YUV 4:2:2 kolore-eredura transferitu behar da.
YUV 4:2:0 kolore-eredura kodetzean bit-tasaren parametroaren esanahia aldatu egiten da finkatu den bit-tasa edo kuantizazioaren arabera. Bit-tasa finkatuta dagoenean helburuko bit-tasa adierazten da. Kuantizazioa finkatzean baimendutako gehienezko bit-tasa adierazten da. Hau mpeg2enc bertsioaren bitxikeria da.


5.1.7 DVD filmak

DVDa programa kopuru batean zatitzen da, bakoitza `IFO' fitxategi esklusibo batekin identifikatuz. DVD bat kargatzea nahi baduzu, bilatu intereseko programari dagokion `IFO' fitxategia. Kargatu IFO fitxategia zuzenean eta edukiaren taula eraikiko da. Edukiaren taula bereiztuta sor daiteke errendategian erabiltzeko.

Exekutatu: mpeg3toc -v /cdrom/video_ts/vts_01_0.ifo dvd.toc
edo antzeko zerbait. Gero kargatu `dvd.toc'.


5.1.8 MPEG 1 audioa

Hauek .mp2 eta .mp3 luzapeneko fitxategiak dira. Fitxategiak kodetzeko finkatutako bit-tasa erabiltzen bada, zuzenean karga daitezke edukiaren taularik gabe. Bit-tasa aldagaien korronteek mpeg3toc tresnarekin sortutako edukiaren taulak behar dituzte.


5.1.9 Ogg Theora/Vorbis

OGG formatua audioa eta bideoa konprimitzeko ustez patentatu gabeko modu zaharkitu bat da. Bere kalitatea ez da H.264 edo MPEG-4 audioaren bezain ona. Egia esanda, nahikoa diru eta gogo duen edonork patente bat bortxatu duela aurki dezakeenez OGG formatuaren justifikazioa zalantzan jar daiteke.


5.1.10 Muntatze-erabakien zerrenda (EDL)

Cinelerra-k EDL edo muntatze-erabakien zerrenda sortzen du proiektuak gordetzeko. EDL fitxategiek .xml luzapena darabilte. Kargatutakoan, uneko proiektuaren atributuak aldatzen dituzte. Muntatze-erabakien zerrendak testuz osatuta daudenez edozein testu-editorekin edita daitezke.


5.2 Fitxategiak kargatzea

Cinelerra-rekin lan egiteko datu guztiak gailu batetik grabatuz edo disko gogorretik kargatuz eskuratzen dira. Atal honek fitxategiak nola kargatzen diren azaltzen du.
Fitxategiak kargatzea eta erreproduzitzea espero duzun bezalakoa da. Joan Fitxategia -> Kargatu menura, hautatu fitxategi bat kargatzeko eta egin klik Ados botoian. Egin klik aurrera erreproduzitzeko botoian eta erreproduzitzen hasiko da, berdin diolarik progresio-barra agertu den edo ez.

manual_images_en/load

'Kargatu' leihoa

Fitxategia irudi finkoa bada, proiektuaren atributuak ez dira aldatuko eta pistako aurreneko fotograma irudian bihurtuko da. Fitxategiak audioa badu, Cinelerra-k indize-fitxategia sortuko du marrazketa azkartzeko. Fitxategia editatu eta erreproduzitu dezakezu indize-fitxategia eraikitzen ari den bitartean.


5.2.1 Txertatzeko estrategia

Normalean hiru gauza gerta daitezke fitxategi bat kargatzean:

  1. existitzen den proiektua garbitzen da pantailatik
  2. proiektuaren atributuak aldatu egiten dira fitxategiaren atributuekin bat etortzeko
  3. fitxategi berriaren pistak sortzen dira denbora-lerroan

Hala eta guztiz, Cinelerra-k fitxategi bat kargatzean zer egitea nahi duzun zehaztea uzten dizu.
Fitxategia hautatzeko elkarrizketa-koadroan joan Txertatzeko estrategia goitibeherako zerrendara eta hautatu elementu bat. Zerrendatutako elementu bakoitzak modu desberdinean kargatzen du fitxategia.

'Txertatzeko estrategia' aukera Cinelerra-ren funtzio askotan erabiltzen da. Leku bakoitzean aukera honek gauza bera egiten du. Aukera hauek erabiltzean zure muntaketa guztiak egin ditzakezu fitxategiak kargatuz. Cinelerra-ri komando-lerroko argumentuak emanez fitxategiak kargatzen badituzu, fitxategiak Ordeztu uneko proiektua arauarekin kargatuko dira.


5.2.2 Hainbat fitxategi kargatzea

Fitxategia hautatzeko elkarrizketa-koadroan joan fitxategien zerrendara. Hautatu fitxategi bat. Joan beste fitxategi batera eta hautatu Ktrl tekla sakatuta edukiz. Honela beste fitxategi bat hautatzen da, baina tartekoak ez dira hautatzen. Tarteko beste fitxategiak hautatzeko eduki Maius tekla sakatuta eta hautatu beste fitxategi bat. Portaera hau zerrenda-koadro gehienetan dago erabilgarri.
Erabili metodo hau Kateatu dauden pistei txertatzeko estrategiarekin irudien aurkezpena edo abestien erreprodukzio-zerrenda sortzeko.


5.2.3 Fitxategiak kargatzea komando-lerrotik

Fitxategiak kargatzeko beste bide bat fitxategi-izenak komando-lerroko argumentu gisa ematea da.
cinelerra nirebideoa.mov nirebestebideoa.mov
Honek fitxategi bakoitzeko pista berriak sortzen ditu eta programa kargatutako argumentu guztiekin abiarazten du.


5.2.4 Fitxategiak luzapenaren arabera iragaztea

Multimediaren direktorioan fitxategi gehiegi egonez gero, nahi dituzun fitxategiak aurkitzea zaila izan daiteke. Hori dela eta, 'Kargatu' leihoak direktorioko fitxategiak iragaziko ditu luzapenaren arabera nahi dituzun fitxategiak bistaratzeko.
Egin klik goitibeherako zerrendan (fitxategi-izena idazteko eremuaren azpian) eta hautatu fitxategiaren luzapena (adib. mpg, mov, mp3, avi, e.a.). Fitxategien zerrendan hautatutako luzapeneko fitxategiak soilik erakutsiko dira.


5.2.5 Beste formatuak kargatzea

Ezin baduzu bideo-kliparen formatu zehatz bat kargatu, eta ez baduzu fitxategiaren jatorrizko iturbururik, Cinelerra-k onartzen duen formatura bihurtu beharko duzu.


5.3 Babeskopia kargatzea

XML fitxategi berezi bat dago diskoan denbora guztian. Muntatze-eragiketa bakoitzaren ostean Cinelerra-k uneko proiektuaren babeskopia gordetzen du `$HOME/.bcast/backup.xml' fitxategian. Cinelerra kraskatzen denean, Cinelerra berrabiarazi bezain laster Fitxategia -> Kargatu babeskopia menua aukeratu babeskopia kargatzeko. Programa kraskatu aurretik lantzen ari zinen muntatze-eragiketak zuzenean kargatuko ditu. Garrantzitsua da kraskadura baten ostean Cinelerra inolako muntatze-eragiketarik gabe berrabiaraztea, bestela babeskopia gainidatziko lukeelako.


5.4 Fitxategiak gordetzea

Cinelerra-k fitxategi bat gordetzean, uneko proiektuaren mutatze-erabakien zerrenda gordetzen du baina ez multimediarik. Joan Fitxategia -> Gorde honela... menura, hautatu fitxategi bat gainidazteko edo idatzi fitxategi berri baten izena. Cinelerra-k automatikoki kateatuko dio `.xml' luzapena fitxategiari, fitxategi-izenean `.xml' luzapenik ez bada eman.

Gordetako fitxategiak proiektuaren ezarpen eta muntaketaren kokaleku guztiak ditu. Multimedia eduki ordez, fitxategiak disko gogorreko jatorrizko multimediaren fitxategietara zuzentzen dituzten erakusleak ditu.

Multimediako fitxategi bakoitzagatik XML fitxategiak hauen bide-izen absolutua edo erlatiboa gordetzen du. XML fitxategia kokatuta dagoen direktorio berdinean badago multimediako fitxategia, bide-izen erlatiboa gordeko da. Bestela, direktorio desberdinean aurkituz gero, bide-izen absolutua gordeko da.

XML fitxategia direktorioz aldatzeko, multimediarako estekarik hautsi gabe, multimediako fitxategia XML dagoen direktorio berdinean egon behar dute. Honela direktorio osoa lekuz alda dezakezu. Bestela, erabili direktorio berezia multimediako fitxategiak edukitzeko, eta ondorioz, XML fitxategiak bide-izen absolutua erabili beharko du, eta nahi duzunean lekuz alda dezakezu XML fitxategia (hori bai, multimediako fitxategiak ez itzazu lekuz aldatu, bestela bide-izen absolutuen estekak hondatuko bailirateke).

Audioaren erreprodukzio-zerrenda sortu eta eta CD-ROM batean grabatzea nahi baduzu, gorde XML fitxategia audioko fitxategiak dauden direktorioan eta grabatu direktorio osoa. Honela multimediaren bide-izenak erlatiboak izango dira.

XML fitxategiak oso erabilgarriak dira Cinelerra-ren uneko egoera gordetzeko muntatze-saiotik irten baino lehenago.

XML fitxategi hauek Cinelerra-k soilik erabil ditzake. Ezin duzu XML fitxategi bat filmak erreproduzitzeko beste aplikazio batekin erreproduzitu. XML fitxategiko denbora errealeko efektuak berriro sintetizatu behar dira erreproduzitzen den bakoitzean. Klipen iturburu guztien kopia disko gogorrean edukitzea eskatzen du XML fitxategiak. Multimediako fitxategi guztiak disko gogorrean edukitzeak leku asko betetzen du. Zure proiektua amaierako formatuan errendatu irteeraren biltegi egonkorragoa lortzeko.


5.5 Proiektuak batzea

Bereiztutako hainbat proiektu batzeko proiektu handi batean:

  1. Ireki cinelerra
  2. Kargatu A proiektua
  3. Ireki Cinelerraren bigarren kopia
  4. Kargatu B proiektua
  5. Ebaki eta itsatsi A-tik B-ra

[ << ] [ >> ]           [Top] [Contents] [Index] [ ? ]

This document was generated by Raffaella Traniello on December, 31 2007 using texi2html 1.76.